XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa
Testuingurua
Soldadu sentitu zen bapatean, eta gainera zaldi bat zeukan, eta baita Lotario gure jaunak erregalaturiko zilarrezko puinale bat ere.
Printze baten dotoreziaz abiatu zen, eta denok ere miresgarritzat jo genuen Guillaume-ren fiertasuna.
Lorenaren etorkizuna bere esku gorrietan zegoela iruditzen zitzaigun.
Guztiarekin, inork ez zeukan batailarako gogorik.
Hotzak ez zuen etsitzen, negua bera ere normandarra izan bailitzen.
Izoztu egiten zen esnea ontzietan.
Desertioneak ugarituz zihoazen.
Eramandako aurpegi alai berbera ekarri zuen Guillaumek itzultzerakoan, partitu eta handik hamabost bat egunetara, eta Lotario gure jaunaren dendarantz egin zuenean, atzetik jarraitu gintzaizkion kanpamenduko soldadu guztiok, denetara mila eta bostehun ginenak.
Baina Guillaume ikusitakoa adierazten hasi zenean harriturik begiratu genion elkarri.
Ez genuen ezer ere ulertzen.
Ez zuen egiten Lorena-ko hizkuntzan, ez eta latinez ere.
Lotario gure jauna galdezka hasi zitzaionean, umea bera ere gu bezain harritua geratu zen.
Ez zien antzik ere hartzen galdera haiei.